Elkartearen historia

Sarrera

Lehenengo eta behin, barkamena eskatu nahi dizuegu Eibarko Txirrindulari Elkartearen kronologia labur honetan egon daitezkeen oker eta hutsengatik. ETE sortu zenetik denbora asko pasatu da, baina azalpenak ahal denik eta sinesgarrien egiten ahalegindu gara, batez ere lehen 15-20 urteetakoak: sasoi horretakoak Elkartearen inguruan ibili den jendearekin izandako solasaldien bidez lortu ditugu.

Urte guzti hauetan nabarmendu diren gertakizunak batzen ahalegindu gara. Badakigu gure Elkartearen historian hamaika gertakizun gogoangarri daudela; denek merezi dute kronologia honetan egotea, baina ezinezkoa da laburpen honetan denak sartzea.

EIBARKO TXIRRINDULARI ELKARTEKO PRESIDENTEAK

EULOGIO BUSTINDUI
HERMOGENES LARRAÑAGA
ANTONIO SARASUA
CASTO ARISTONDO
RAMON SARASUA
SECUNDINO LOIDI
PEDRO MARIA BAGLIETTO
J. MENDIBE
FELIPE FERNANDEZ
JOSE LUIS VALENCIAGA
LUIS URCELAY

JOSE ARREGUI
LUIS EPELGUEZ
JAVIER BENGOA
JOSE ARANBERRI
RAFAEL TREVIÑO
JOSE ANTONIO LARREA
RAMON ARIZAGA
PABLO URIBETXEBERRIA
JESUS MARIA HERNANDEZ
JABIER ZIARAN
MOISES ARTAECHEBARRIA
ANGEL LOPEZ MENDI

Historia

Eibarko Txirrindulari Elkartea 1927an jaio zela esan izan da agiri eta idatzi gehienetan, baina, berez, aurreko urtean, 1926an, sortu zen.

Garai hartan ez zitzaion “Eibarko” edo “eibarrés” deitzen, “Club Ciclista-GAC” zuen izena eta Eulogio Garate, Eibarko GAC bizikleta-fabrikaren ugazaba izan zen elkartearen auduradun nagusia.

1927 urtean gure aurrekoek beti erakutsi duten kemenaren eta indarraren seinale, “Club Ciclista Eibarrés-GAC” izena hartu zuen, Hermogenes Larrañaga, Eulogio Garate eta Eulogio Bustinduiren ahaleginari esker. Bustindui izan zen lehen presidentea.

Urte asko igaro dira harrezkero. Gure bizimoduan gertatzen den moduan, Eibarko Txirrindulari Elkarteak ere hainbat gora-behera izan ditu: une gogoangarriak bizi izan ditu, indar handikoak; baina baita triste, txar eta gogorrak ere.

Hala ere, eibartarrek elkarte zahar honi beti izan dioten maitasunari esker, une txar horiek unetxoak izan dira, aldi batekoak.

“Club Ciclista Eibarrés – GAC” haren lan nagusia txirrindulari taldeak eratzea zen, herriko txirrindulariekin edo ingurukoekin taldeak martxan ipintzea.

Orduko eibartar haien gogoa eta kemena ez zen hor geratu: laster konturatu ziren Eibarrek, gure herri maite honek, txirrindularitza-lasterketek eskaintzen duten ikuskizun eder hori ere beharrezkoa zuela. Berehala hasi ziren dena prestatzen: horrela ikusi zitzuten Eibarren lehen aldiz gure herriari hainbeste egun eder eta zoragarri eman dizkioten karrera egunak.

Hala ere, Eibarko Txirrindulari Elkarteak urte batzuk behar zituen antolamendu-lanetan sartu arte, baina garai hartan “Unión Deportiva Eibarresa-ren” babesarekin egiten ziren txirrindulari lasterketak. Lehen esan dugun moduan, lan nagusia txirrindulari taldeak eratzea zen, baina 1931an, Eibarko “Unión Deportiva-rekin” batera, herriko jai nagusietan, San Juanetan, San Juan Sari Nagusia antolatu zuen, oraindik bizirik dirauen lasterketa. Montero anaiak izan ziren sariaren lehen urte hartan helmugara iritsi zeren lehen korredoreak: Ricardok eskuratu zuen lehenengo postua, Luciano bigarren sartu zen.

Hurrengo urtean, 1932an, Errepublika aldarrikatu zeneko urteurrena ospatzeko, “Errepublikaren Sari Nagusia” antolatu zen. Izen horrekin ibili zen 1932an eta 1933an; gero 1934an eta 1935ean “Errepublikaren Sari Nagusia-Eibar-Madril-Eibar” izenarekin egin zen.

Hortik aurrera etenaldi samina eta tristea (1936-1939). Lasterketa guztiak bertan behera geratu ziren gerran, baina 1940. urtean, Eibarrek, Eibarko Klub Ziklistak berriro ekin zion lasterketak antolatzeari.

Zailak izan ziren urte haiek. Gure Elkarteak ez ezik, beste kirol erakunde batzuk ere (Eibarko Klub Deportiboak) berrio oratu zioten antolamendu-lanari.

Gerrak utzitako ondorioak oraindik bizirik zeuden, baina kirolaren aldetik bazegoen nolabaiteko itxaropena. 1941ean, Eibarko Txirrindulari Elkarteakk berrio antolatu zuen San Juan Sari Nagusia. Urte batzuetan hiru etapa ere izan zituen; urtetik urtera handiagoa zen palmaresa edertu zuten txirrindulari mitikoen izen zerrendak: Mancisidor, Delio Rodriguez, Berrendero, Dalmacio Langarika, Miguel Poblet, Massip, Bernardo Ruiz …

Bestalde, gogoratu behar da lasterketa hori 1941etik 1948ra Eibarko Klub Deportiboak eta Eibarko Txirrindulari Elkarteak biek elkar hartuta antolatu zutela.

1949, 1950 eta 1951an aurrera egin zuten herrian antolatutako lasterketek: San Juan Sari Nagusia, Hiri-zirkuitoa, Abiadura Proba… Ordurako, gainera, martxan zegoen Txirrindulari Elkarteak antolatzen zuen Arrate Igoera.

Giroan bazegoen zerbait, Eibarren –txirrindularitzaren hiriburu nagusian– zerbait handia egitekoak ziren. Urteurrenaren ospakizunetarako gauzak prestatzen zebiltzan: Elkartearen 25. urteurrena betetzear zegoen.

Eibartzale porrokatuak, txirrindularitzeren eta Txirrindulari Elkartearen jarraitzaile amorratuak, orduko agintariek, Antonio Sarasuaren koordinazio lanarekin, nazioarteko lasterketa antolatzeko erabakia hartu zuten: “Eibarko Bizikleta” deitu zioten. Lasterketa mitikoa, Eibarko lagun koadrila batek egositakoa. 1965an munduko txapelketa Gipuzkoa aldera ekarri zutenen artean egon ziren euretako asko, baita Donostiako belodromoa egiteko ahalegin bizia egin zutenen artean ere.

1952tik aurrera, Gran Premio Bicicleta Eibarresa / Eibarko Bizikleta Sari Nagusiak mirespen osoa jaso zuen txirrindularitzaren esparruan; 1969ra arte izen horrekin egin zen. Handik aurrera, marketing kontuak zirela eta, Euskal Herriko Itzulia-Eibarko Bizikleta Sari Nagusia izenarekin ospatu zen 1973an izan hori zeraman azkenengo lasterketa egin zen arte. 1974tik aurrera, diruaren arazo ekonomikoengatik, Eibarko Klub Ziklistaren magaletik kanpo geratu zen.

Dena dela, Txirrindulari Elkarteak lasterketa txikiago batzuei behintzat eutsi egin zien. Diru-kostu txikiagoko lasterketarik esanguratsuena afizionatu mailako Balentziagaren Oroimenezkoa zen. Ondo kostata, 1972an hasitako lasterketa antolatzen segitu ahal izan zuten.

1974-1977 sasoian benetan urte latzak izan ziren txirrindularitzarentzat, gure herriko txirrindulari taldeentzat. Ez zegoen motibaziorik. Ez zegoen ilusiorik. Ez zegoen aurrera segitzeko gogorik. Adore ezak gogor jo zuen eta antolamendu-ahalmen hura galtzen hasi zen. Eibarko Txirrindulari Elkarteak, Balentziagaren Oroimenezkoaren aldizkariak ematen zion aukera hartaz baliatuta laguntza-dei ozena kaleratu zuen. Handik hilabete batzuetara deiak erantzuna jaso zuen: gazteak sartu ziren, gauzak egiteko asmoa eta gogoa, indarra berpiztuta. Berriro hartu zuen arnasa, indarra edukitzeko beharrezkoa zuen oxigenoa.

1978an, historiaren ibilbide luze honetan, beste bide berri bati ekin zion eta gaur arte ez da geratu. Azken 25 urte hauetan, Eibarko Txirrindulari Elkarteak, bere betiko bideari eutsi dio eta lasterketak antolatzen ditu etengabe infantiletatik hasi eta profesional mailaraino; zikloturisten batzordea eta mendiko bizikletarena daude, eta horiekin batera, hainbat ekitaldi eta txango antolatzen ditu.

2001ean elkartearen sorreraren 75. urteurrena ospatu zen ekitaldi zabal eta anitzekin. Horien artean bat aipatzeko, elkartearen presidente izandakoei Udalak egin zien harrera berezia. Egun horretan, gainera, gure herrian txirrindularitzaren alde egin duen lanagatik esker ona adierazteko Andres Deuna Elizaren ondoan dagoen plazari Eibarko Bizikleta Plaza izena jarri zion Udalak.

Gure ustez, Klubaren garai berri honetan hiru etapa nagusi daude, historia luze horretan esangura handikoak:

– 1970: Garai hartako giroa ikusita modu ezin egokiagoan jokatu zen “Euskal Herriko Itzulia” eta “Eibarko Bizikleta” bat egin zirenean. Horrela egin izan ez balute, lasterketa horrek ez zuen hainbeste iraungo.

– 1977: Eibarko Txirrindulari Elkartearen berrantolamendua egin zen urtea.

– 1980: Eibarko Klub Deportiboak eta Eibarko Txirrindulari Elkarteak bat egin zuten (bakoitzak 10.000 pezeta jarrita) profesional mailako lasterketak antolatzeko.

Eibarko Klub handi biak elkartze horrek antolamenduaren ikuspegi aldaketa berritzailea ekarri zuen. Gero ETBren parte-hartze erabakigarria dugu. “Euskal Bizikleta” lasterketa historiko bi handi haiek bat egitetik sortu da: “Eibarko Bizikleta-Bicicleta Eibarresa” eta “Subida Arrate-Igoera” batzetik, bata Txirrindulari Elkarteak sortutakoa, Klub Deportiboa besteak.

Gaur egunean, Euskal Bizikleta Kirol Elkartearen bidez, Eibarko Txirrindulari Elkarteak UCI WORLD TOUR saileko Euskal Herrriko Itzulian ere parte hartzen du.

Ahaleginak ahalegin, gaur egun hauxe esan dezakegu: gure 600 bazkideei, laguntzaileei eta lagun handiei esker, Eibarko Txirrindulari Elkarteak osasun ikaragarria duela.

Este sitio web utiliza cookies para una mejor experiencia de usuario. Si continúas navegando entendemos que nos das tu consentimiento para la aceptación de la política de cookies ACEPTAR

Aviso de cookies